2022ko lehorreratzea
2022an aldaketa batzuk egin ziren getariarrek antolatzen duten jai horretan, eta, beraz, erabaki zen bilerak egitea herritarrek aukera zezaten nola nahi zuten hain data berezia lehorreratzea. Aurreko urteekin alderatuta, aldaketa nagusiak izan ziren Moluka uharteetako ordezkariek lehen aldiz hartuko zutela parte; izan ere, garaiko kontakizunen eta koadroen arabera, espedizioko 18 tripulatzaileekin hiru moluketar iritsi ziren. Horretaz gain, aurten rol garrantzitsua eman nahi izan zaio emakumeari, batez ere Elkanoren amari, Catalina del Puertori, zeinak, beste emakume askok bezala, semearen herentziagatik borrokatu behar izan zuen, senarra hil ondoren eta ia seme guztiak galdu ondoren familia aurrera ateratzeaz gain.
LEHEN ZATIA: Lehorreratzea
Victoria itsasontzia Sanlucar de Barramedara 1522ko irailaren 6an iritsi zen unea irudikatzen da. Hiru urteko ibilbide luze baten ondoren, Europako 18 itsasgizon eta hiru moluketar iritsi ziren Sanlucarrera. Hemezortzi marinelek, gainera, munduari lehen bira eman zioten. Juan Sebastian Elkanok eta bere tripulazioko kideek elizaraino egiten duten bidea bi zatitan banatuko da. Lehenengoan, munduari bira ematearen gogortasuna irudikatuko da (elikagai eskasia, bizi-baldintza gogorrak, heriotzak...). Bigarrenean, Elkano eta bere 17 marinelak San Salbatore elizara joango dira, Antiguako Andre Mariari eskerrak ematera. Horrela, munduari bira eman ondoren Sevillako katedralera egin zuten bisita irudikatuko da. Alde horretan, 3 indigenak ez dira elizan sartuko, beren sinesmenekiko errespetu gisa.
BIGARREN ZATIA: Berdintasunetik munduko aniztasunera
Elizaren sarreran, Elkano eta bere tripulazioko kideak bost kontinenteetako ordezkariekin bilduko dira. Antzezpen hori kontinente horietatik herrira bizitzera etorritako getariarrek osatuko dute. Ordezkaritza zabal horren bidez, mugarik gabeko mundu bat adierazi nahi da, guztion artean eraikiko dugun mundu bat, berdintasunean eta elkarrekin lan eginez.
HIRUGARREN ZATIA: Mundu berri bat
Elkano eta bere tripulazioko kideak, bost kontinenteen ordezkaritzarekin batera, Elkanoren omenez eraikitako monumentura joango dira. Bertan, bost kontinenteetako ordezkariek harrera egingo diote Elkanori, eta sinbolismo handiko irudia osatuko dute, mundua guztiok osatzen dugula irudikatzeko. Getariako herriak munduko biraren 500. urteurrena ospatzeko antolatu duen ekitaldiari amaiera emateko, Gora Elkano abestuko da.