Afrika
Elkanoren eta Magallaesen espedizioko kideak Ozeano Baretik etxera bidean lehorra ez zapaltzen saiatu ziren, baina jakirik ez eta eskorbutoaren ondorioz egunero hainbat gizon hiltzen zirenez, geldialdi bat egin behar izan zuten Cabo Verden. Kolonia portugesa zen une hartan, eta, beraz, Portugalek eragin handia zuen arropetan. Hala ere, Cabo Verdeko XVI. mendeko jantzi tradizionalei buruzko informazioa aurkitu da.
Afrikako kontinenteko eskualde horren bereizgarri nagusia panu di tera da. Tradiziozko arropa ez ezik, bertako kulturaren zati garrantzitsua eta sinbolo nazionala ere bada. Artisau-jantzia da, % 100 kotoizkoa, zenbait irregulartasunekin, usadioz zuri-beltza, baina urdina ere izan ohi da.
Oihalaren historia kolonizazioaren garaikoa da. Afrikako beste herrialde batzuetatik uharteetara esklaboak ekartzen zituztenean, ehungailu xumeak erabiltzen zituzten arropa egiteko, besteak beste panu di tera delakoa. XVI. eta XVII. mendeetan, tokiko ekonomia bultzatzen lagundu zuen, Afrikako kostaldeko merkatari atzerritarrek haren balioa aitortu ahala. Panu di terapieza garrantzitsua da, bere esanahiagatik. Denboraren poderioz, ezinbesteko presentzia bihurtu zen caboverdetarren bizitzako une garrantzitsu guztietan: jaiotzetan (oihal horretan biltzen ziren haurrak), ezkontza eta hiletetan (ia derrigorrezkoa). Hala, besteekiko errespetuaren eta begirunearen ikur bihurtu zen.





Español
English
Français