GETARIAKO ITSAS PARRILLA

Mendeetan zehar, ontzietako janaria burdinazko parrillak zituzten sutondoetan prestatzen zen. Parrilla horiek elikagaiak zuzenean txingarretan erretzeko erabiltzen ziren, baita sukaldeko ontziei eusteko euskarri gisa ere. Parrillak erabiltzea oso sukaldaritza-prozedura merkea zen itsasgizon eta arrantzaleentzat; izan ere, harrapatu berri zituzten arrainak oliorik edo bestelako ongailurik erabili gabe erretzeko aukera ematen zien.
1940ko hamarkadaren hasieran, Getariako sagardotegiak, ardo-upategiak eta tabernak parrilla eramangarri xumeak jartzen hasi ziren itsasotik itzultzen ziren arrantzaleen eskura. Horrela, arrantzaleek beraiek beren arrainak erre zitzaketen, establezimendu horietako edariak hartzen zituzten bitartean.
Parrilla berehala bihurtu zen establezimendu horien erakargarritasun nagusi. Pixkanaka, jatetxe bilakatzen joan ziren, bezeroei arraina parrillan errea eskaintzen hasi ahala. Lehenengoak Iribar eta Txoko upategiak izan ziren —1950eko hamarkadaren amaieran jatetxe bihurtu zirenak—. Ondoren etorri ziren Kaia —1962an taberna gisa irekia eta 1966 eta 1968 artean jatetxe bihurtua—, Elkano —1964an irekia—, Astillero —1971n— eta Politena —1978an—, besteak beste. Geroago, Mayflower, Itxas Etxe, Balearri eta San Anton batu zitzaizkien.
Getariako elkarte gastronomikoak oso lotuta daude establezimendu horien bilakaerarekin. Haien historia ere XX. mendearen erdialdean hasi zen, herritarren beharrei erantzuteko. Izan ere, herritarrek elkartzeko gune pribatuak behar zituzten, bazkideek arrainak —parrillan, noski— eta bertako beste produktu batzuk prestatzen eta dastatzen aktiboki parte har zezaten.

Gaur egun, parrilla Getariako paisaiaren funtsezko elementua da, eta bertako biztanleen itsas nortasunaren ikur bilakatu da, nazioartean ere aitortua.

Español
English
Français








