Iribar

Iribar jatetxea, dudarik gabe, Getariako erretegi zahar eta ezagunenetako bat da. Laster 100 urte beteko dituen establezimendu hau Joxe Iribarrek eta bere emazte Jexusa Salegik sortu zuten. Kale Nagusiko izkina pribilegiatu batean dago, alboan bi eraikin enblematiko dituelarik: San Sanbador eliza gotikoa eta zaharberritu berri den Zarautz Jauregia.

 

Jatetxea baino lehen, zalgurdiak babesteko kotxe-tokia, sagardotegia, denda eta ardandegia ere izan zen. Hasieran, Jexusa zen sukaldeko buru Joxeren ardura zen ezer falta ez izatea, ardoa barne; baita lokalak hasieran izan zuen parrilla txikira hurbiltzen ziren arrantzaleei arreta ematea. Hauek beraiek harrapatutako arrainekin etortzen ziren, Joxek ezarritako ordutegian (11:00etatik 13:00etara), eta lokalaz modu ia esklusiboan gozatzen zuten.

 

Garai hartan agertu ziren Getarian lehen bezero atzerritarrak, horietako asko frantziarrak; baita Zarautzera uda pasatzera etortzen ziren madrildarrak ere. Parrillan eginiko arrainaren usainak erakarrita, menu berdina eskatzen hasi ziren. Honez gain, Elkarte gastronomikoak sortzen hasi ziren garaia ere bazen, eta pixkanaka arrantzaleak erretiratzen hasi ziren, honela bisitariei lekua utziz.

 

Pertsonaia ospetsuak ere ibiltzen ziren uda haietan kostalde honetan; hala nola, Belgikako Fabiola erregina eta haren senar Balduino. Bikotea Zarautzera etortzen zen uda pasatzera, eta Getariako portuan paseatzea ere atsegin zuten. Horrexegatik, Iribar herriaren topagune izan zen 1960an telebista ekarri zuenean, herritarrek ezkontza zuzenean ikusi ahal izan zutelako. Gertakizun aipagarria izan zen hura.

 

Iribarreko bigarren belaunaldiak, Klaudia Iribar eta bere senar Agustin Manterola buru izanda, bertako arrantzale eta ekoizleekin eskuz esku lanean jarraitu zuen, benetako sukaldaritza tradizional eta zaporetsua eskaintzen jarraituz.

 

Gaur egun, Pili Manterola Iribarrek, hirugarren belaunaldikoa, Óscar Fernández-Quejo bazkidearen laguntzarekin eta parrillaren buru den Manu Zulaikaren jakinduriarekin (44 urte daramatzana Iribarren), bizirik mantentzen du etxeko tradizioa, janari bikaina eskainiz produktu onaren sinpletasunaren eta freskotasunaren barruan.