Gipuzkoako gotiko estiloaren adibide nagusietakoa den hau, 1895. urtean Monumentu Nazional izan zen izendatua. Gaur egun ikusgai dugun elizaren gehiengoa XV. mende amaiera eta XVI. mende hasiera bitartean eraiki zen eta bere ezaugarri nagusiak gotiko berantiar estilokoak dira. Besteak beste, benetan aipagarriak dira erdiko nabeko goiko galeriako trazeria flamigeroak eta mendebaldeko fatxadako ate polilobulatua. Dena den, jatorrizko eraikuntzak hainbat gehikuntza izan zituen ondorengo mendeetan, besteak beste aipagarriak izanik XVII. mende hasierako ate nagusia edo XVI. eta XVIII. mendeen artean eraikitako kanpandorrea.

Salbatore elizaren historia askoz luzeagoa da, elizako kriptan egindako indusketa arkeologikoetan gaur egungo tenplua baino zaharragoko beste bi aurkitu baitira: bata, Goi Erdi Arokoa harlauzazko hilobidun nekropoli batez inguratua eta, bestea, beranduagokoa, neurri handiagokoa, bertan sortu zen 1397an Gipuzkoako Probintzia. Elizaren paretetan hiribilduak jasandako sute eta gerrateen orbainak ikusgai daude oraindik, batez ere Lehen Guda Karlistak (1833-1839) eragindako txikizioenak. Gerraren ondoren hainbat alditan zaharberritua izan zen.